Txostenaren aurkezpena
1. Metodologia
1.1. Norberaren autonomiari eta mendetasunari buruz Estatu, autonomia eta foru esparruetan indarrean dagoen lege gorputzaren eta zenbait agiri espezializaturen azterketa
5.18. Beste alderdi batzuei buruzko salaketak
Beste espediente batean, Bizkaiko Foru Aldundiak mendekotasun-egoera balioesteko zerbitzuak egiteko beste enpresa batzuk azpikontratatzen zituela jakinarazi zitzaigun, AMALen 28.6. artikuluaren edukiak hau esan arren: "Administrazio publikoek zuzenean egin behar dituzte mendekotasun-egoeraren balioespen-zerbitzuak, zerbitzuen eta prestazioen aginduak, eta Lege honetan aurreikusitako prestazio ekonomikoen kudeaketa, eta ezingo zaie erakunde pribatuei zerbitzu horiek eskuordetu, ezingo dira erakunde pribatuak zerbitzu horiek betetzeko kontratatu, ez eta erakunde pribatuekin zerbitzu horiek ematea hitzartu ere".
Gai hori txosten honen 3.2.2.3. atalean lantzen da.
Aurkeztutako kexa batzuk Arartekoaren gomendioen sorburu izan dira:
– Arartekoaren ebazpena, 2009ko uztailaren 23koa. Horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiari gomendatzen zaio familia-ingurunean zainketak emateko prestazio ekonomikoa ematea, mendekotasun-egoera balioesteko eskaera egin zen datatik aurrera.
FIZPE emateko betekizunen betetzean desadostasunak zeudela planteatzen zen, zehazki, familia-esparruan zainketak eraginkortasunez egiteari buruzko betekizuna, prestazioa eskatzeko unean, emate horren ondorioak atzera egin beharko luketen garaian.
133/2007 Foru Dekretuaren lehen xedapen iragankorrak betekizun hori egiaztatzeko etxe berean erroldatuta egotea, eta zaintzailea eta mendeko-egoeran zegoen pertsona elkarrekin bizitzea eskatzen zuen.
Kexaren sustatzaileak bizikidetza hori ziurtatzen zuen, eskaera egin zen unetik, udal agintaritzak egindako bizikidetza-ziurtagiri baten bidez, baina erroldatze-ziurtagiriaren datak beranduagokoa zen.
Gure ustez, erroldatze-ziurtagiri bat izateak ez luke berariazko betekizuna izan behar prestazioa emateko, baizik eta eskubidez onar daitezkeen proben artean beste bat.
Ez zirudien egokia foru-araudi berak frogatzeko bideak mugatzea. Izan ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 80.1 artikuluarekin bat, eskubidez onargarriak diren guztiak baitira frogatzeko bideak (Kode Zibilean eta auzipetze zibilari buruzko Legean aurreikusitakoak: dokumentu publikoak, pribatuak, alderdien itaunketak, lekukoenak, presuntzioak, etab.), are gehiago, behin eta berriz aipatutako jurisprudentziaren arabera, muga hori lege lerruneko arau baten bidez soilik ezar daitekeenean, aipatu foru-dekretuak ez duen lerruna hain zuzen.
Hori dela eta, Arartekoak Gipuzkoako Foru Aldundiari gomendatu zion FIZPE emateko mendekotasun-egoera balioesteko eskaera egin zen datatik hasita, bizikidetza-betekizuna behar bezala egiaztatuta zegoela uste baitzuen.
Gaur egun, 25/2009 Foru Dekretuak, uztailaren 21ekoak, AMALen prestazio ekonomikoak Gipuzkoan arautzen dituenak (eta aipatu 133/2007 Foru Dekretua indargabetzen duenak), ez du aipatzen erroldatze-ziurtagiria, eta 14. artikuluan hau xedatzen du: "zaintzaile ez profesionalak legezko egoeran bizi beharko du Gipuzkoako Lurralde Historikoan".